JOLASAREN GARRANTZIA
Jolasa denbora galtzearekin lotzen ziren garaiak atzean geratu dira. Egun,
hezitzaile eta adituen artean jolasaren garrantzia askotan nabarmentzen da.
Jarraian, hizkuntza, kultura, gizarte eta haurren garapenerako jolasak duen
garrantziaz hitz egingo dugu.
JOLASAK, HIZKUNTZAREN NORMALIZAZIORAKO TRESNA
Jolasa, ekintza askea izateaz gain, ezagutzak oharkabean jasotzeko tresna ezin hobea da,
hizkuntza barneratzeko tresna, besteak beste. Alde batetik, hizkuntza formala lantzeko erabil
daitekeen teknika da; baina, batez ere, hizkuntza ez formala sustatzeko da baliagarria. Hau da,
euskara kalera ateratzeko modu bat da: abestiak, esamoldeak, hiztegia…
Nabarmentzekoa da jolasaren bitartez hizkuntzaren erabilera ludikoa ahalbidetzen dela;
horrek berebiziko garrantzia du hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Euskaraz jolas egiten
ondo pasatuko du haurrak, gustura sentituko da, eta jarduera dibertigarriekin lotuko du
euskara. Gainera, euskarak, normalizazio prozesua gauzatzeko, bizitzaren arlo guztietan
presentzia behar du, baita jolasetan ere. Haurrak ikusi behar du euskara bizitzako esparru
guztietan erabil dezakeela, ez duela erdal erregistroetara jo beharrik jolasteko behar dituen
esamoldeak edo esaerak aurkitzeko.
JOLASAK, KULTURAREN TRANSMISIORAKO TRESNA
Jolasteko moduaren bidez herri baten identitatea transmititzen da; eta, haurren artean,
kultura sormen eta transmisio handiena jolastuz bideratzen da. Euskal jolasek Euskal Herriko
ohiturak ezagutzeko aukera ematen dute: garai batean zertan eta nola jolasten ziren, zer
baliabide erabiltzen zituzten, non jolasten ziren…
Kristalezko kanikarik ez zenean, fruituekin egiten ziren gaur egun kanikekin egiten diren jolasak. Horien lekuko dira
intxaurrak erabiltzen ziren jokoak (intxaurreta, amia barruan, lau lauka, botxo…)
Beste hainbeste esan daiteke jolas jarduera horietan erabiltzen ziren esaera eta
esamoldeei buruz, abesti, dantza eta ipuinei buruz, horietako asko erdaraz erabiltzen baitira
egun. Beraz, eta laburbilduz, euskal jolasak Euskal Herriko historia hurbila (arlo bat bederen)
ezagutzeko bide zuzena direla esan daiteke.
JOLASEN GIZARTE BALIOA
Hainbat arrazoi medio (gutxiago jolasten dute haurrek herri edo auzoetako karriketan,
jostailuen merkataritzak eragin basatia du, lehiakortasun akademikoen gizarte delakoan bizi
gara…), jolas libre edo bat-batekoa desagertzen joan da. Orain dela denbora gutxi arte
erabiltzen ziren jolasak galtzen joan dira, transmisio naturalaren katea eten egin baita (familia,
kalea), eta gehienek oso gune zehatzetan eta ozta-ozta iraun dute.
Produktibitatea helburu dugun gizarte honetan, helburua produktu bat sortzea ez duen beste
edozein jarduera denbora galtzetzat hartzen da. Horixe da aisialdiak eta jolasak apurtu nahi
duen uste okerra, jolasa denbora irabazteko bitarteko bat baita. Euskal jolasa ezkutuan dagoen
altxortzat jo daiteke, eta altxor horrek jolaserako espazioa eta denbora berreskuratu eta jolasak
sortzeko gaitasuna sustatzeko aukera emango digu.
Madrileko ostatu bateko horman, kartel bat dago: Debekatuta dago abestea, dio.
Rio de Janeiro aireportuko horman, kartel bat dago: Debekatuta dago maletak eramateko
orgatxoekin jolas egitea.
Beraz: oraindik ere bada abesten duenik, oraindik ere bada jolas egiten duenik.
Eduardo Galeano
JOLASAK, HAURRAREN GARAPENERAKO TRESNA
Helduen ikuspegitik, jolasa garrantzi handiko elementua da haurraren garapenaren hainbat
alderdi lantzeko. Jolasa garrantzizkoa da haurraren gorputzaren hazieran. Haurrak bere giharrak
dantzan jartzen ditu jolasean egiten dituen mugimenduekin.
Jolasak gauzak aurkitzen eta esperimentatzen ere laguntzen du. Haurrak distantzia eta
espazioa kalkulatzen ikasten du, gauzak eta jostailuak manipulatuz; eta euren forma, neurri,
tenperatura eta bestelako elementuez ohartzen da. Pentsamendua ordenatzeko ere lagungarri
da Haurra denboran kokatzen da, espazioaren nozioak barneratzen ditu, bere hipotesi propioak
egiaztatzen ditu, eta ezagutzak lantzen ditu. Azkenik, balio terapeutikoa ere izan dezake.
Egunerokotasunetik ihes egiteko aukera ematen du, eraberritzea eragiten du, eta gordeta
dagoen energia guztia askatzen laguntzen du.
www.aisia.net
No hay comentarios:
Publicar un comentario